Begiak itxi
eskuak zabaldu
argia itzali
zirrara baretu

Ez nazazu
hitzekin hesitu
grina isilen
gogoa lokartu

Eta orain esan
zein da zuretzat
amesgaiztorik
ulertezinena

Amets bat egin nuen
eta ezin dut ahaztu
horregatik nahi dizut
zuri gaur kontatu

Basora joan nintzen
zazpi zotzen bila
handik itzuli nintzen
zazpi aldiz hila

Ez nuen nahi
esnatu

Hormetan barrena
entzuten dut dena
zenbat munstro
zure baitan
gauero berpiztuak

Goizeko euriak
estali zauriak
gure egun faltsuetan
jokatzen da dena

Indar gardenak
gailentzen dira
kemen ahulengan

Ez zintudan
ahantzi nahi
egun berrietan
barrena

Lagunen etxean
begien atzean
saminak gordetzen dira
giltzapean

Zauriak ez dira
leihotik ikusten

Ohepeko
gerlaria
denboraren
zaindaria

Gauez esna
egunez lo
ordu denak
zenbatzeko
hutsartetan
altxor gordeak
aurkitzeko

Batzuetan
hain eroa
gameluen
bezeroa

Txikitatik ikasia
denboraren eskasia
norberaren
barne goseak
nahasia

Odoleko
seinaleen
egiaztatzailea
zu zara

Hitz ilunak
labankadak bezala
sartzen dira
zeharkatuz azala

Harenak
ezin kontutan hartu
herrenak
gogorregi dihardu

Eta zure ispiluan
nahi nuke atseden hartu
ilargiaren distira
errekan ikusi nahi dut

Zure hitz leunak
iraganean
gaur iragarkizunak
nire gainean

Desio aseezinen
trenaren barnean
guztia hondoratzen da
alboetan

Eroritako
lurrean nago
harri gogorrenaren
meatzuloan
dena ahaztu nahian
ihes geldoan
begiak eskuetan loturik
orduak estutu nahian
minari
sabaia estali nahiean
zuretzat

Zure doinua
entzun al nuen
unibertsoaren
beste aldean?

Hiltzaile isila
eta geldoa
buztinezkoa
zure eskuetan

Argiak ez zuen nahi ilundu
ilunak ez zuen nahi argitu

Egunen magalean gorderik
zauriak
zentzumenen atzean gorderik
argi isila
ez zinen agertu
distira isila

Nire destinorik
ez zenuen ikusten
nire erregurik
ez zenuen entzuten

Lurrikarak
zirrara ametsen ostean
Zilarra
izarak zikintzean
Barrikada ilara
hitzak amaitzean
Ihintza da islada
ilunpetan agertzen zara

Leihoak daude
leihoen barnean
ixten dira nolanahi
zure zain gelditzean
korronteen gauza da
gertakari bakarra
beldurrez estalia
kobaren barnean

Ni ez naiz
ametsetan
irauli
zenuena

Ez nauzu ukitu
gaua zelako
ez nauzu suntsitu
ni naizelako
ez nauzu ikusi
ez nauzu entzun
zure bizkarrean
ez nauzu aditu
alferrik ari naiz
kode zaharrean

Hitzak ozenegi
dena gardenegi
kristalen gauean
ahapeka eta mehe
lauso eta indarge
gauean

Goiz iratzartzean
zu aldamenean
ni hegan bidean
deus ez bestaldean

Amets honetan
iratzarri naiz
ezagutza berrien jabe
oraindik ez dakit
zure bihotzean
zer ezkutatzen den
urrun joan nahi nuke
begiak itxi
ta ez ikusteko
oraindik ikusi ezin
diren argi guztiak
atzemanez

Ireki begiak
amaitu da guztia
izara zuriak
beltza du zauria

Orain hitzek
ez dute sinisten
orain hotsek
ez dute sentitzen

Ireki begiak
amaitu da guztia

Ezin ikusi

buruan dut guztia

ametsen burrunba

herrenaren kulunka itzalia

bertan duzu

urik zikinena

zure haginetan

geratu den hondarra

al da mundua

bere ekaitzekin

bere umerzurtzekin

oihuka kalean

ametsen errari

beltza den minari

esan nion baietz

esnatu zinela

goizean etzanda

gauean uluka

ametsen kulunka

ur zikinenetan

Egur beltza

goiz itzalia

zomorro faltsua

mahai herrena

ikatz zuria

aurpegi zimela

buru okerra

arnas ozena

erritmo traketsa

indar dohakabea

abiadura ezdeusa

kirats errebeldea

sabai okerra

esku zulatua

Herrialde zekena da zerua

zure hatzen menpe

estututa dabilenean

hasperenak begietan

errugabetasunaren goilara faltsua gibelean

hitz hartze astunak

komunean baino ez zenuen barkatzen

oilasko herdoilduen pean

asun dohakabea ahoan

kontzientziaren labana eskuan

aterpe eske etorri zinenean

Isiltasuna parkean

agure eroa balkoian

amildegi txikia arraskan

leiho hautsia bihotzean

zozo txikia atarian

elur bustia buru gainean

zekena da paradisua

Abereen ondoan Aberdeen

Abereen Aberdeen

txikia

itzalia

nahiago lukete hautsez jardun

odolki motzak

ilunabar ustelak

aterki hutsalak

Abereen lurraldea da Aberdeen

zuztar beltza

irrati zoroa

amesgaizto motza

Eroria

abaildua

amets txikienak poltsikoan

aker beldurgarriaren atzean

ikustezina da belarra

izugarria da ekaitza

ez dago ahaleginik goizetan

erleak beldurtu dira arratsaldean

zuhaitz batek ez du zuk baino gehiago balio

azalera mardulenak ere salgai

amaitu da jardunaldia EITB-ko bulegoetan

Errietan herrietan

azaldu ezinez tristura

hitzak badoaz hegan

minbera daude mamiak

asaldura ahoetan

hitzik gabe alkatea

inurriak lasai

mugikorrak joka

buru soilduak distiratsu

ulertzen al duzu orain?

Azalean arazoak

kamuts kronometroa

eztanda isilak besapeetan

aukera gutxi zeruan

zu, izularri betearekin

amonaren oroitzapenetan igeri

hemen, gerriaren gerran

eztul ekaitzaren biharamunean

Western Union

Lucky Strike

J’hayber

Bitter Cinzano

eta gainontzeko izen arrotz kuttunekin

goizari tamaina hartzen diozu

auzoari itzulia eman

zebrabideak aztertu

diamantez zulatu banketxeen kristalak

eta sirena hotsen babesean

altxorrarekin ihes egiten duzu

Itxura txarra

du zure atariak

odolez gainezka

etxe handia

etxe zuritxoa

amari txanpon eske

ikara eskuetan

ametitu ezinezko lotsa

bizilagunak haserre

zintzurra itxita dagoeneko

azeriak bistan

ura bultzaka

ura topeka

heriotza bazter guztietan

Barra barra zure eskuak airean

ezina da gure auzoaren lekuko

haize-orratzak lepotik segika

inuxente xamar agintariak

ogikadak buruetan

ehiza-txakurrak zubia zeharkatzen

urrutiko intxaurrak erabat armatuta

belarrik ez zelaian

zure familia osoa dantzan

entzun

eragiozu beste behin

Burusoila da zure harrotasuna

alferrikako burbuilak odolean

erreskatea belaunetan

ikara oinetan

Dinosauru bat da zure lepahezurra

alferrikako hostoak bekokian

harrapakina odoletan

kapela buruan

Etze luzea

zure buru gainean

azal gutxi

erritmo gutxi

buru zurien arabera

ezponda kutsatua zure sabelean

esan ala ez esan

harrapatu zure esku kamutsa

iragazi salda merkea

ezin ikusi iragana

isiltasun kosmikoa hesteetan

hara non datorren bizikletan

urmael distiratsuen esperoan

joan zena

hemen da barriro

Liburukin ustela

harrapatu dut bazterrean

zera zekarren

etsitze zaharrak

kosmonauta ahaztuak

irudi abandonatuak

txiroei donatuak

gaizki eta alferrik kontserbatuak

eta hantxe aurkituko

hitz zoragarriak

irudi distiratsuak

ideia ahaltsuak