Errekastoaren ondotik

espazioa tolestu

eta bide berria zapaltzera

Oroitu eta ahaztu

Pauso luzeetan barrena

Sakonean minak dirau

Buruan argitasuna gailentzen da

Bidezidorrak atzean utziz

astiro eta zintzo

Errealitatearen bidetik

ihesik gabeko

bidaia pausatuan

Arratsak keinu egiten dizu

argi luzeekin

arinago nahiko zenuke burua

baina zama ederra dauka gaur

ibaia lasaiago doa

bere bide luzean

Zure alderdirik makurrena

lanean ari zaizu

eta geldiarazi egin nahi zenuke

baina mozorrotuta ari da

zure defendatzaile plantan

Amorruak askatuko al du

arratsaren lepoa

tenorez

arren

Ez duzu gaua

izorratzerik nahi

Izotzak min ematen dizu eskuetan

Baina ez duzu bota nahi

eskuetan behar du

Urtu arte?

Hori ote da onena

baina erre egiten du

zenbat eta hotzago

Bota edo irentsi

egin nahi duzu

min ematen du

Eta urtzean?

Ura

Gauza berdinaren beste

momentu eta egoera bat

Gertakariak gertatzeko prest

Bakarrik jaiotzen omen gara

eta bakarrik hiltzen

tartean lagunen bisitak

jasotzen ditugularik

Bisita horiek

begirunez hartu

eta begirunez agurtu

eta gainontzean ez kezkatu

ez inolaz ere kezkatu

jendeak pentsatzen duenagatik

Jator jorratu bidea

Atzo ametsetan ikusi zintudan

zaldi beltzaren gainean zentozen

gure etxera

ezpata motza eskuan zenuela

ez ninduzula ikusi nahi

esan zenion gure amonari

arrautza prejitua jan ondoren

leihoak margotuta zeuden

eta hila zen gure alaba

Atzo amestetan ikusi zintudan

zaldi zuriaren gainean basoan

nire aurretik zindoazen

zirkuko zapatak jantzita

bibotea margotuta

amodioa ikusten nuen zure begietan

gaztainak zeuden lurrean

eta kantari ari zinen

Atzo ametsetan ikusi zintudan

nigana zentozen

behetik gora

eskilara mekanikoan

Fuji mendia zegoen atzean

plastiko beltza bi aldeetan

xirula bat entzuten zen urrunean

zure izpiritua ikusten nuen

zure gorputzaren barrenean

niri so

Atzo ametsetan ikusi zintudan

zure herriko plazan

palomitak jaten genituen

kriketean jokatzen genuen musulmanekin

zure osabak pankarta bat jarri zuen

pare bat sagar ttiki

zenituen poltsan

maite zaitut esaten zenidan

Atzo ametsetan ikusi zintudan

hausterre eguna zen

amaitua zen gure artekoa

lotan zindoazen

txalupa batean

itsaso handia zegoen

urrutiratzen ari zinen

deika ari nintzaizun lehorretik

esna zeunden

baina ez zenuen begirik ireki

Atzo ametsetan ikusi zintudan

baso sekretuan

axeri baten ondoan

makil hotsa urrunean

papera egiten ari zinen

landareekin

hortxata egiteko ontzian

Atzo ametsetan ikusi zintudan

poema bat idatzi zenuen ezkutuan

niri buruz

zure koadernoan

Koadernoa hartu

giltzaz itxi

eta gorde egin zenuen armairuan

Armairua hartu

giltzaz itxi

eta erre egin zenuen

San Juan suan

nire herriko plazan

Atzo ametsetan ikusi zintudan

Zelai hartan esan behar nizun

Errekaren ondoan esan behar nizun

Baso beltzean esan behar nizun

Muga igaro aurretik esan behar nizun

Orain ez nago

orain ez zaude

Haria ez da

zugana iristen

Nire barrenean erleak

lanean ari dira aske

Poliziak atzemandako kalamu zama

non dago orain?

Nork “gorde” du?

Non “gorde” dute?

Gero zer egin dute?

Ez duzu zure odolaren kolorerik ezagutzen

ez duzu otsorik ikusi nahi

Ilargi berriarekin jaio zinen

zure itzalak ez du kolorerik

jan ezazu errezil sagarrik handiena

Norekin egin zenuen amets

pagadiaren isiltasunean?

Bideak goraka egiten zuen

euritan balantza egin zuten adarrek

goizak sosegua ekarri zuen

zure bihotzarentzat

Norekin egin zenuen amets

marra luzeen bidaian?

Borobilak ikusten zenituen

leku guztietan

film batetan bezala

ageri zen iragana

Norekin egin zenuen amets

galderaz beteriko gauean?

Irimiasek ez zuen erantzunik

inork ez zuen erantzunik

hitzak itzali ziren

bihotzak itzali ziren

gau ilunean barna

Norekin egin zenuen amets

uharte beltzean?

Errekaren ondotik

ibilian

iritsi zinen

pagadi isilera

Banan banan

isildu egin ziren

zure barneko ahotsak

Bakean eta ahanzturan

baretu zen

zure barren hautsia

Minak ez zuen hainbeste estutzen

maitasuna eta gaitza

bereizita ageri ziren

Errekaren alderdi isilean

ez du inork ametsik egiten

Etengabe hizketan ari den

ahots zaharra

beti irakiten

ez da haurra besterik

Hala erabaki zenuen

gauaren azken mugetan

eta ez zenion nahi gehiago

konturik eskatu inori

Hosto baten gainean ari zinen

gaztelua eraikitzen

Erantzi egin nahi zenuen

zure azal zaharra

eta santuen gisan

hitz egiten hasi

Zauri zara

lasaitasun

eta horregatik nauzu ezagutzen

Zure oinetan

ez da zapatarik garbitzen

Zure irriak

ez du euririk atertzen

Batzuetan

eguna inoiz jaio izan ez bazina bezalakoa da

Bi billete

eta aurrera

Hori nahi luke

zenbaitek

egunik onenetarako

Baina gidoia

zuk idazten

duzu egunero

Begietara begira

larrosa beltz bat

dago zure sabelean

eskutik heltzen banauzu

Maitatu zintudan

zure amaren etxeko sukaldean

arrautza prejituak

jaten genituelarik

udazken ilunean

Zure isladak

begietan

mila arantza ditu

zure minak

zeruan du arnasten

Zauri zara mendi hezean

eta horregatik nauzu ezagutzen

Etxe altuetan

ihes egin nahi du

zure ametsak arratsero

Zure izenak

murruetan

mila marka ditu

zure argiak

eguna du ahazten

Atzoko hitzetan

ezin zara kabitu

atzoko hodeia

duzu arnas

eta orain zuretzat

ez dago irtenbiderik

eta orain munduak

zure kontra dihardu

Industrigunetan hasi omen zinen

zure argitzalekin solasten

zure mundu argia ilunarazten

zure arimarekin ordaintzen

zure espetxearen amarauna

Basamortu

hondar gainean etzana

zure baitan ez zara agortu

Zure begietan

amaitzen dira izarrak

Aberatsa zara

eta ez daki inork

zure barrenean ahaltsua

Ez diozu inori

konturik eskatzen

ez zara kezkatzen

Zure ondoan dena da bake

itsasoa bare dago gauean

Azken fantasiari harrika

zer da erreinu hori zuretzat?

Hitzik ez itzalen azpian

argiak ez dakar gauza onik

orain ere

igerian ihes egin nahi duzu urrutira

itsasoz gaindi

farolaren iluntasunarekin amaitzeko

industriguneak ahazteko

erreka garbietan

izan bada zerurik

zure etxe azpian

geldirik da oroimena

zuhaitz ilunak leihoan

korridore hotza igaro

etxeorratza da trena

zu zaude amaieran

itzalak berriz begietan

droga duzu odolean

etxeen gainean etxe altuagoak

zure ametsak haize beltzak dira

hotzak erreta

botila hautsiak

faltsuak dira armairu guztiak

herdoila herdoilaren gainean

orain ni naiz erruduna

orain ni naiz etxeorratza

Desira

goxokia da zure begitartean

Izua

haize-bolada da zure bularrean

Errua

aberea da zure esku-ahurretan

Indarra

putzua da zure begi-zuloan

Enara bat dakusazu sukaldean

eta agur egiten dizu labana batekin

Bidaiaria zara

hegazkinaren barnean

hotela lehertu duzu

odolez betea daramazu maleta

kristalezkoa da zure bizikleta

erromeria amaitu da

ukabila hautsi duzu errekan

sentimenduak elur-poltsa dira orain

izurde bihurtu nahi duzu

herria zurekin dago putzuaren barrenean

bertan jotzen duzu organo hila

Mendi zuriaren magalean

zure begiak

ibaiertzean

orain nire eskuak

beteta datoz

eta zure barrena

ageri da