Galderek ez dute erantzunik

erantzunek ez dute galderarik

Ez dut ezer oroitzen

ba al da inor beste aldean?

Ez da askatasun printzarik somatzen

guztiak bere horretan jarraituko zuela zirudien atzo

Gu eroak bagara

nortzuk dira zentzudunak?

Gu zentzudunak bagara

nortzuk dira eroak?

Zer da askatasuna?

Kanpoan al dago

edo nire baitan?

Ba al da inor beste aldean?

Haize-arrasto motzenetan begirada

karramarro antzua da zure errukia

bosgarren solairuko arnasa

itzaletan bular berotuak

arazodun negozio-gizonak

paperak eta kartoiak erretzen

ez da eguzkirik leihotik sartzen

teilatuetan ez da ilargirik gauean

bihotzak hotzak

zementuaren eta plastikoaren erreinuan

Urazal murriztua

eskegi gabeko elkarrizketez at

zeruan dago zorua

zoruan dago zerua

irrikitan itzal mugagabeak

izerditan hariak

usain eder mikatzak

harrapatzen egunero

hostoen norabidean

begiztatzen ditudan

arrastoetan barrena

Ilargia uraren gainean

dantzan ari da

errekan

eta guk nahikoa dugu

zeruaz bestalde dagoena

gauden lekutik

begiratuta

Ezingo da inoiz

hitzez azaldu

bizitzaren benetako sekretua

Harrapakina noiz azalduko

ezkutalekuan zain

patxadaz

bostgarren kintzea

jokoan da

Bosgarren kintzea

jokoan zenean

ezustean

bota zidan

lege zaharreko hormabikoa

Ez dakit nora

aldegin zenuen

ezta artizarra

ikusi duzun

Ez dakit nora

aldegin zenuen

ezta ilargia

zapaldu duzun

Espaziuntziko mutila

non zauden jakin nahiko nuke

Espaziuntziko mutila

nor zaren jakin nahiko nuke

Ene lagun Roberto

ez zara zu

Nor zara zu?

Ene lagun Roberto

nor den

nik ere ez baitakit

Hilik baitago

ene lagun Roberto

Ez dut nahi

zementuzko esfingea gizendu

Ez dut nahi

haize hotzaren babesetik

telebista ikusi

Ez dut nahi

plastikoaren erreinuan ito

Ez dut nahi

motor erraldoiaren kea arnastu

Bizitzaren baitan

egunero beti

arrastoen ondotik

izua aztarna bat

baino ez

iragana eskuetatik

erortzen utziz

hezurdura bat

sustrai mugikorrak

Zimur haundi batean

tolestu da mundua

euritan zimeldu

eta espazioan zehar

barreiatu da

Aurki nazazu hemen

hemen erdian

zuri begira nago

arto artean

Joan nintzen

joan errekan barrena

zuri beltzean filmaturiko

zure ametsen batean

Ez dago minik

nire barrenean

bat egingo dugu berriz

nahi duzunean

Hego haizeak narama zugana

goza dezagun

beste udazken bat

Mutur zikliko bat da zerua

alderantzizko itsasoa da zerua

eta zu bertan zaude

mugei entzungor

ez da mugarik zugan

Estua benetan

zaldi gisan

hartu zenuen erabakia

bizitza eskuan

botak jantzi

eta zerura begira

nire itzal txikiak

munduan

bere lekua dauka

Izar zuri bat

duzu haginen artean

elurrez beteriko mundu bat

Bizar ezkorra

euri artean

izen batzuen artetik

eromen gutxieneko printza

erositako mundua

aspaldi zuritu zutela

Elur zuriz estalita

zelai berdea

zein estoldetan ezkutatu zara?

lanbroa dator airean barrena

baina zuk ezin arnastu

zerua izeki da

eta telebistari begira zaude

lau t’erdikoa abian da

Hiltzailea izularriak jota

ezin hasi eta buka

herioaren eztanda isila

zerbait amaitu

edo zerbait hasiz

arrain bat leihotik begira

ezin duena lurrunik irentsi

eta bakarrik sentitzen den ur tanta

ozeanoaren erdian negarrez

Zeinen haizerauntsi bortitza

agur esan zenidanean

Paretetan behera

datorren

zure negarra

euri bilakatuko da

agian

azkenean

Egunak ez dira

zuk uste bezain krudelak

Zure hitza

euriak ezkutatzen badu

zure bidea

horma zitalen artean

galtzen bada

zure ahoaren memoria

hitz ahaztuetan barrena

nekatuta badabil

hilik badoa

ez du etenik

zure barruko

hitz arraroen

irratia piztuta

gogoa ahantzita

euriaren doinu libreak

aurrera darrai

Izan zarela

ene ondoan

ezin ikusizko ametsa

dar-dar eginaz

nire azala

zure begirada

ibai baten ibilia bezala

ene barrenean

kondaira bihurtu zara

pertsona ahaztezina

elkartze ttiki batean

urjauzi isil

Hitzaspertuan galaxiak

goiz lasaia unibertsoan

mantso planetak

izotza poloetan

ur epela tropikoan

eztanda isilak bazterretan

indukzio herren

hitz ttiki bat

laino bakoitzean

ez baita erreza

goizero kosmosari eustea

goizero bost gosari

izar lapikodun bakoitzeko

muin

bost gosari kosmosari

Izurde bihurtu zara

Joxe Alberto

ez ukatu

Itzela da

zure izenaren kolorea

Itzela da

zure presentzia

loturarik ez duenean

ikusten dakidanean

Itzela da

badakidanean

zure eskaintza onartzen

zure doinu askea entzuten

Animaliak

Entzun bazenu

zure hitza

nik entzun nuen bezala

Amildegi bat

Ikusi bazenu

planeta hura

nik ikusi nuen bezala

Infinituraino

luzatzen diren zelaiak

Igelak

Ondo esandako

hitz bakanak

Hartuko al zenuke?

Zure gainean eseri da

itzal luze bat oinetan

zeruaren zama

bularrean

Atzo izan zen etxean

bizar luzea

agerian zuela

Indar handiko haizea

antzeman dizut

zabalean baino

luzeran

Egunsentia hautsi da

zure begien artean

izar bihurturik berriro

Euriak ikusten du

ibaiak entzuten du

Zuk

ikusi nahi al nauzu?

Ez da gauza erreza

herrian nahita galtzea

nola ihes egin

nigandikan nirekin?

Lanerako alferrez

Stockholm sindromerik ez

espazioan zehar

nabil aireratzear

Hitz denak ahaztu nahi

ezerezean alai

haizearen jabe

kontrarik egin gabe

Planeta ttipi

hazi eta hazi nahi

lehertu arte

Planeta ttipi

heriotz usaina

barrenean hotza

zabaltzen ari da

Planeta ttipi

gainezka

estralurtarren menpe

agur eta ohore

Amildegi bat esku artean

munduaren indar guztia

duena bere baitan

Eguzkiak ezin ikusi

eta eskuetan hartuz

zuhaitz bat bitan zatitzen du

Itsaso bat mendietan behera

olatuz olatu

ibilbide ezberdinak marrazten

Zeru bertikal bat zure gainean

guztion pentsamenduak barkatzean

munduaren bizkarrezurra osatuz

Globo bat puztu duzu

eta hor dago mundua

lehertu duzu

eta desagertu egin zara

Esne tanta bat zara esnatzean

ondoren zerua

hori zen dordokaren ametsa

Baina dordoka esnatu da

argia itzali da

eta jaiotzeko zain zaude

Espaloiaren egia

iragazkidun amets

handinahiaren ogia

apaindua kez

izarrak bidean utzita

kosmosari harrika

urritzen bidean etsita

Ez dakit zergatik baina

ez zenidan inoiz

nire izenez deitu

Ikusi al duzu?

hondartzan elurra dago

Kableak besoetara

erantsi zaizkit

nire kontzientziak

ez du burnirik urtzen

argindarrak elikatzen nau dagoeneko

ez dut hondarrik ipurdian

eta nire azaleko garbitasunak

herdoil zaporea dauka

Zakilean interruptore bat daukat

ordenagailuak zenbait izpi

isurtzen dizkit

Gogoratzen ez dudan uneren batean

tintarik gabeko boligrafoa bezala

itzali naiz

Azken zokoraino iristen den zerua

amaigabea hitzen etorri etengabea

denboraren igarotze ernean giltza

igarotze luzearen esperoan

belarra gu

izakera hauskorren azpian

zirkinik ere ez bizitzak

zirkinik ere ez heriotzak

ahantzi al dituzu dagoeneko zisternadun kamioiak

nik esateko dudanaren menpe dabilen lumaren jario tristearen pean

hara eta hona ibiltzen dira oroitzapenak

arin eta axolagabe

zuhaitzen esperantza eternalaren gerizpean

Ez dut minik hankapetan

ezta ere esku ahurretan

kolpatu dizkidaten gorputz zatietatik

ez al da batere minberatu

bakar bat ere ez

jolasa lagun arratsetan

behin betiko arma sekretua

inoiz kenduko ez didaten

itxurazko axolagabekeria kontzientea

neure buruarekiko ziurtasun eta begirunea

lurrarekin kotaktu xamur eta apreziatuan

inoiz ere ahantziko ez dudana

inoiz ere agortuko ez dena

Zaborretan jauzi

igitaiaren hots

berrantolatua zaude

hitzetan

heriotzean

argiz argitzen da

iseka eta arnasa

jolasa

errekan behera

berokia

ezin ibili

jauna zein anderea

arrapaladan

hanka-puntetan

ezin ibili

Errudunak zure olatuak

zintzoegi jokatuz

errezeloan beti

azaroaren 8an hilko omen naiz

bizi osoaren menpeko

eskularruekin ohera

ezerezean diharduen sukaldaria

erreminta likatsuekin

izar-argiak harremanez blai

giza-argiak harremanez bizi nahian

isatsa

eta bakardadearen ermitak

Esku hezeotan

eguzki-izpiak

eguerdiaren printzak

hegats hezeotan

estratosferako usain mardula

espazio hutsaren zirrara

argia

izar urrunak

eta pilula mikatzak

arrain astronauta bat naiz