Egiazaletasun errealenak dio
geuk sortutako munstroek
irensten gaituztela
askatasuna eskatzean
edozein ke arnastean
gorputz hilak irenstean
faltsuki musukatzean
belarritik tiratzean
eta hau dena idaztean
Sinplea sentitzen naiz
infernuko txakurrek erasotzen naute
ergel hutsa naiz agian
nire errealitatea uneorokoan oinarritzen da
edo neurekoia
nire errealitatea uneoroko amaieran oinarritzen da
aizto baten ahoan ibili nahi izatea bezala da
izekitze amaigabea
Hemen kanpoan nire arnasa biluzik ikus dezaket
inbidiak eta heriotzak inguratua
ezin naute harrapatu
deitu soilik
arrastaka azpitik
zugandik erabat banandua
Oraingoan neure erantzuna ere galduta
ikasi dudan guztia jakinda ere
Nire arrasto guztiak ezabatu ditut
nire itxura aldatu
arrakaletan egin dut lo
kezka oro gainetik kenduz
Nekatuta nago oso
ardiak ni kontatzen ari dira
akabo borroka
akabo energia
akabo pazientzia
eta hau idatz dezakezu
guztia zeharo erotuta dago eta nik ezin dut jasan
Eromenetan galtzen dira
gezi gurutzatuen isladak
erresumak eta beraien kondenak
hitzak, heriotza eta isiltasuna
guztia
guztia zeruan barna
ez dago haririk mozteko
ez dago ezer esateko
arimaren geruza amaigabeak
erraz sakabanatuko dira
hitzetan eta ideietan galduz
milaka urtetan berreskuraturikoa
zergatik ez da
isiltasuna ulertzen
erokeria guztien baitan
geratzen den arrasto xumea lez
Ezin ezer bukatu
ezin ezer hasi
aldapak eta aldapak
daude aldamenean beti
zerrendak kajoi barrutan
zu eta ni larrutan
bizitzaren beso luzeak
uneoro oroituz gogoan
Amets bat da
amets soil bat
zapuztu dena
egiazkoa
erreala
izan zitekeena
Amodioaren kontrakoa
al da askatasuna?
Norbaiti lotzea
al da behar duzuna?
Euria leuna da
nire aurpegia bustitzen du
negarrez ikusten zaitut
kristalaren beste aldetik
Itzal xumeon begiradak
espazio margotuaren baitan
esker oneko barkamen
Errua
izaki gogorrotan
eskaera malguen esklabu
zesarea txikiak gailenduz
ikara behin eta berriz
izakiok jipoitzen
ernatzen
zeru orotan amaituz
hergabeen apaltasun ezak
isuritako aztarna kamutsak
Basaburuak ilun
zurrun
zer dun
erriotz
aspiotz guzi
zerion jusi
indipultz
bultz
hesaia galda zabi
aspiron dari
gaitzabi darabi
ez dako lendi
Ez nuke amets hau
egia bihurtzerik nahi
ametsa izateari
utziko bailioke
une hortatik bertatik
Eta asko maite dut amets hau
egia bihur dadin
nahi ez izateko adina
Eguzkia ezkutatzean
zirrara kaskarrenak
baino ez ditut aurkitu
Benetakoak emeki erretzen dira
intzentsua lez
Baina ez nuen halakorik uste
besarkadarik gabe
agurtu zintudanean
Iluntasunak ez nau beldurtzen
zurekin egon banaiz
Bakardadeak ez nau beldurtzen
zurekin egon banaiz
Zuk ere ez nauzu beldurtzen
zurekin egon banaiz
Baina zurekin egon ez banaiz
guztiak beldurtzen nau
Konbentzioek burmuinak
mugatzen dituzte
erosotasunak kaxkartasunera garamatza
ospakizunek itsutzen gaituzte
Eromena da zentzua
zentzua da eromena
kate somaezinen mugan
barroterik gabeko ziegan
boterea mozorrotu egin da
Zakur leiala bezala
gure jabearen lagunik onena
bihurtu gara
Lotuta zaudenean dena errazagoa da
Beste behin ere
ezinezko basoen atzetik
labainduko naiz
indioilar ergelen genozidioa
noizbait gauzatuko dudanaren esperantzaz
Beste behin ere
entsaladarik gabeko gau hartan
pausatuko dut oroimena
zabalduriko leiho hartan
Hegaldi gozo bat eskaini zidan
eta ordura arte somatu nuen
gozoki mundutar bakarra
kateen ikustezintasuna zen
Gainontzean
amildegi gabezia da nagusi
eta lakuak amarru hutsa dira
Ate bikoitza ireki da
bertatik gorputz bat sartzeko
Harkaitzen arteko harremanek
ez dute uzten izotza urtzen
kontaktuan elkar hausten dute soilik
Eroetxe hegalariak
zerumuga birrintzen
unibertsoa azkazal bakoitzean
lehorra ordea
eta hegazkin horiek
ez dute usain onik
Ikus dezatela bat-batean
bi begietara begiratzea
ezinezkoa dela
Espaziuntziak
ondoko herrira joateko
guztia goitik behera ebakita bezala
euskal etxea
nire herrian
higuingarria
altzari berrien garbitasuna
eternidadearekin
irrist egin dut berriro
Zure existentzia
gogoratzen didaten
hitz guzti horien omenez
ez dut
amildegira doan gurdi hau
bultzatzen jarraituko
Hegan eginen dugu
hego zuriekin zeru zurian
Errugabeak bagina bezala
diruarekin
heriotzarekin
lantegi beltzekin
zerikusirik ez bagenu bezala
amarrua onartuz
Itsas haizeak
gogor jotzen du
ene maindireen azpian
urratu da
iragana
gailendu da
harrizko hodeia
suntsitu da
mamua
Betirako bezala
isilune bat luzatu da
sabaiak
behin eta berriz nabarmendu dira
gero eta gutxiago ulertuz guztia
gauzek beren baitan
gordetzen duten indarra
lurruntzen ari da
haurtzaroan izandakoa
ez da ezer
ezer ez da
eta zahartzaro gazteak
betiko! oihukatzen du
beti bezain triste
ezer egiterik ez dagoela
sinestera
amiltzen naizen bakoitzean
malkoek bete behar luketen
espazioaren hutsunea
heriotzaren hatzaparkada bortitza da
Irmo diraute
oroimen lausoetarainoko zubiek
oraina laztantzeko
zauri sakonenak ere
itxita egon arren
Ez dezadan utzi
unerik txikiena ere
hegaldatzeko
Ia egunsentia
badaezpadako luzatze hutsala
ostegun goiz zantarra
ez da gaztea
gure begirada
teilatupeko hitz-jarioa itzalean
igarotze ernea
alferrikako saiakeren esperoan
Zeruari nolabait
eutsi behar zaiolako
itsasoak ez ditzan
bere mugak igaro
lainoek euren eginbeharra
zintzo bete dezaten
ibaia ez dadin
bere bidetik aldendu
tximeletek hegan egiten
jarraitu behar dutelako
zimino eroak
bere paper
xumea uler dezan
Txori batek
abesten duen
arrazoi berarengatik
idazten dut
Zeru guztia
tanta batean
erori zaizu gainera
eta horrek ere
ez zaitu busti
Zure eskuetan
bihotz batek
taupatzeari ekin dio
eta oraindik beldur zara
Erloju batean
laburbiltzen guztia
bere orratzen erritmora
zure gorputza
urrun zoaz
oso urrun
baina inoiz ez da
urrunegi izango
bueltatzeko
Estoldak ikustezin
bihurtu nahian
hortzak garbitzeko pastaren
zaporeko bizitzak baino
ez ditugu lortu
Hegan goaz abiada bizian
urazpian
Gugandik at dauden gaitzen
kontra borroka eginez beti
Ez al gara konturatzen
gutariko bakoitzaren
aurpegiaren azpian
kalabera bat dagoela?